Urriaren 2, Biolentzia-Ezaren nazioarteko eguna

Martin Luther King Jr.ek esan zuen moduan “biolentzia-eza gure garaiko erantzuna da arazo politiko eta moralen aurrean; gizateriaren beharra baita opresioa eta biolentzia gainditzea opresio eta biolentzia berrietan erori gabe”. Gaur egun, 2020ko Urriaren 2an, erantzun horretatik urrun gaude. Urrunegi, zoritxarrez.

Martin Luther King Jr.ek afro-estatubatuarren aldeko mugimenduan borrokatu zuen, segregazioa eta diskriminazio razialari amaiera emateko helburuarekin, hala ere, 1968an erahil zuten. 50 urte ostean, 1010 pertsona tiroz hil zituen estatubatuetako poliziak, gehiengoa arraza beltzekoak izanik, soilik beltzak izateagatik. Egoera honen aurrean Black Lives Matter eta antzeko mugimenduen bidez kanalizatu dira protestak, beti ere MLKen biolentziaezaren oinarriak erabiliz.

Gazte Abertzaleaken beti egongo gara antimilitarismoarekin, pazifismoarekin eta biolentzia-ezarekin konprometituak, bai Euskal Herrian baita gure herritik kanpo ere. 2012tik Euskal Herrian biolentzia iraganean geratu da, eta horrek asko pozten gaituen arren, ezin dugu ez-ikusiarena egin munduan dauden beste gatazkekiko: Kolonbiatik Palestinara, Kurdistanetik, Burunditik edota Filipinasetik pasata, azken aste honetan berriro ireki den Artsajeko (Nagorno-Karabaj) gatazka ahaztu gabe.

Gazte Abertzaleaketik ulertzen dugu arestian aipatutako gatazketan eta beste hainbatetan, izan armatuak edo ez, azken soluzioa nahita nahi ez oprimituei ahotsa ematean eta euren eskubideak errespetatzean oinarrituko da, beti ere gatazken soluzioen bideak erabiliz. Bestela beste edozein sasi-ebazpen gatazkaren itxiera faltsu bat izango da.

Artsajek gaur egun bizi duen egoerak argi uzten du berriki esandakoa. Bertan gatazka 1988ko Otsailean hasi zen, Azerbaiyaneko Errepublika Sozialista Sobietikoaren parlamentuan diputatu armeniarrek Artsajen askatasunaren aldeko nahia adierazi zutenean. Ekintza horren zergatia lurraldearen gehiengo armeniarraren nahia eta Azerbaiyaneko gobernuak kontrolatutako “azerifikazioari” aurre egitea izan ziren. Honen ostean, Azerbaiyanen hainbat armeniarrek jasandako sarraski segidek motibatua, gatazka militarra hasi zen Artsajen. 1991Ean SESBren disoluzioaren ostean gatazka militar hori gogortu egin zen, ustezko bake eta tentsioak ohikoak izanik urteetan zehar, gaur egunera iritsi arte.

Hala eta guztiz ere, estatu asko dira gutxiengo etniko edo/eta kulturalen eskubideak urratzen dituztenak. Zoritxarrez eskubide urraketa hauek jasaten duten zigor sozial eta internazionala oso txikiak dira, estatuen arteko babes sistemak sortuz eta horren bidez gutxiengo horien jazarpen politiko eta soziala sistematizatu egiten da. Urrutira joan gabe, Artsajeko gatazka ezin da esplikatu Azerbaiyan eta Turkiaren arteko adostasunik gabe, edota Turkiarekin jarraituta, Kurdistango herriak sistematikoki jasotzen duen jazarpenaz ere luze hitz egin genezake.

Gaur, Urriak 2, biolentzia-ezaren nazioarteko egunean, Gazte Abertzaleak bere babesa berresten du gatazka politikoen soluzio-bide bakar eta egoki bakarra biolentzia-eza izatea. Modu berean, nazioarteko komunitateari soluzio-bide egoki eta efektiboak sortzeko eta babesteko beharra helarazten diogu. Zapaldutako herri guztiak gogoratuz, besarkada estu bat eman nahi diogu Armenia eta Artsajeko herriari egungo garai zail hauetan. Gatazkari laster aterabide bat eman dadin opa diegu, bakean eta askatasunean bizi daitezen.

Ազատություն

Leave a Comment